Ttankttaka Teatroaren Sexberdinak antzezlanak azaroaren 17an, osteguna, 20:00etan Gayarre Antzokian egingo den emanaldirako sarrerak agortu ditu. Euskarazko pieza hau Mireia Gabilondok zuzentzen du eta Aitziber Garmendia eta Telmo Irureta ditu protagonista. Mugikortasun murriztua duen bizitza baldintzatzaile horri aurre egiteko zailtasunak (fisikoak eta espazialak) aurkeztea du helburu, are gehiago bizitza sexualean.
BI LAGUNEN ARTEKO ELKARRIZKETA
Ekoizpenak Nico, garun-paralisia duen kazetariaren eta Ana, bere kontraesanetan murgilduta dagoen gozoki saltzailearen istorioa kontatzen du. Duela hiru urte ezezagunak izatetik lagunak izatera pasatu ziren. Biek inolako konplexurik gabe azalduko dituzte beren bizipen afektibo-sexualak, gutako bakoitzak, bere paralisi partikularrarekin, beldur, amets eta ilusio ezberdinak ditugula erakusteko. Maitasuna, sexua, bakardadea eta jendearen aurreiritziak izango dira hizpide lagunen eta hazkunde pertsonalaren istorioan, umorez eta minez erdi josita.
ESZENARATZE BERRITZAILEA
Konpainiak lana aurkezteko hurbiltasuneko gune bat proposatzen du. Azaldu dutenez, "ez gara soilik espazioaren hurbiltasunaz hitz egiten ari, baizik eta esperientzia komunitario hurbila ere bilatzen dugu, bai alderdi fisikoan, bai istorioaren beraren alderdi emozionalean, ikusleak gonbidatuko baitituzte protagonistarekin batera gurpil aulkiekin ibilaldi bat egitera. Itxuraz sinplea den baina, aldi berean, erabat erabakigarria den ekintza honek ezinbestean jarriko ditu parte-hartzaileak kode enpatiko batean antzezlaneko protagonistarekin.