Asteazken honetan, urtarrilaren 18an, arratsaldeko 20:00etan “Lagun Beltz asko” antzezlana aurkeztuko da Gayarre Antzokian lehen aldiz. Ados Teatroa eta Bidebitarte Kooperatibaren azken ekoizpena Garbi Losadak zuzendu du eta, komedia beltzean oinarrituta, gaurkotasuneko gai bat jorratzen du (atzerritararekiko beldurra) eguneroko egoera batetik abiatuta, adiskidetasunaren mugen inguruan hausnartzeaz gain. Asier Hormazak, Ramon Ibarrak eta Asier Sotak osatzen dute muntaia hau gaztelaniazko gaintituluak izango dituena.
Losadak, testuaren egile ere denak, gure sinesmen eta printzipioen flotazio-ildoari zuzentzen zaion kontakizuna garatu du: pertsona ezezagunarekiko, etorkinekiko, beste erlijio batekiko, gizarte-klase behartsukoa denarekiko edo sexu-joera desberdina duenarekiko beldurra edo arbuioa. Sentimendu hori, adierazten duenez, “zuzentasun politikoko geruza askoren azpian ezkutatuta daramagu”.
Horretarako, istorio probokatzaile bat planteatzen du, elkarrizketa txinpartatsuak, biraketa-puntu harrigarriak dituena eta barrea egitetik dramara igarotzen dena ixteko zorian dagoen taberna batean elkartzen diren hiru protagonisten bidez. Asier Hormazak, Ramon Ibarrak eta Asier Sotak aspaldian elkar ikusten ez zuten bi lagun eta Afganistanetik iritsi berri den etorkin afganiar bat dira. Hau bertara sartzen da mugikorra kargatzeko eta Londresen bizi den alabarekin harremanetan jartzeko laguntza eskatzeko. Nahi gabe, azken horren etorrerak aspaldiko sentimenduak eta bizipenak piztuko ditu bi lagunen artean eta, une horretatik aurrera, egoera normala zirudienak oso kutsu desberdina hartuko du. Pertsonaien rolak, zuzentasun eta inkorrezio politikoko arketipoetan oinarrituta, aldatzen hasiko dira.
Sarrerak webgunean eros daitezke edota txarteldegian eros daitezke astearte eta asteazkenean 12:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:30era.