1903ko maiatzean, Iruñeko Udalak mozio bat onartu zuen, eta haren arabera ordura arte Antzoki Nagusia izan zenak izena aldatu zuen eta Gayarre Antzokia izatera igaro zen, hamahiru urte lehenago (1890eko urtarrilaren 2an), Madrilen, hil zen Julian Gayarre nafar tenor ospetsuaren omenez eta oroitzapenetan. Bataiatze-agirian ageri den moduan, Sebastián Julián Gayarre Garjón, Mariano Gayarre eta Maria Ramona Garjon senar-emazteen hirugarren semea, 1844ko urtarrilaren 9an jaio zen, Erronkarin. Hainbat urte geroago Espainiako lirikako tenor ospetsuenetako bat izan zena familia xume batean jaio zen.
Hamahiru urte zituenean, behin oinarrizko ikasketak amaituta eskola utzi eta gero, artzain-lanetan hasi zen. Ia bi urte ondoren, aitak hiriburura, Iruñera, bidaltzea erabaki zuen, saltoki txiki batean saltzaile aritzeko. Eta hortxe izan zuen lehen kontaktua musikarekin, kaleratzea eta jaioleku izan zuen ibarrera itzuli behar izatea ekarri zion kontaktua, negozioa inor gabe utzi baitzuen, dendaren aurretik desfilatzen igaro zen musika-banda baten atzetik joateko. Hurrengo lantokia Irunberriko forja bat izan zuen, baina herri horretatik alde egin zuen 18 urterekin, Iruñera itzultzea erabaki baitzuen, errementari aritzeko.
Esaten dutenez, lan egiten zuen bitartean abesteko ohitura zuen Gayarrek, eta ohitura horrek ekarri zion lankide batek sortu berria zen Iruñeko Orfeoian izena ematea eskaintzea. Joaquín Maya zen Orfeoiaren zuzendaria, eta, gaztearen ahotsak harrituta, lehen tenor moduan onartu zuen. Horrek ekarri zion solfeoarekin harremana izaten hastea, Hilarion Eslavaren metodoaren eskutik. Eslava nafar maisua (Burlata) Gayarreren lehen babeslea izan zen, eta bai Madrilgo Kontserbatoriora bekadun gisa joatearen arduraduna ere. Kontserbatorio horretan, hain zuzen, kantuko bigarren saria lortu zuen 1868an. Lirikaren arloan zarzuelako korista gisa sartu-irtenen bat egin ondoren, 25 urterekin, eta Gaztambide maisuak baztertu eta gero, Iruñera itzuli zen, porrot eginda. Bertan zituen babesleek Nafarroako Diputazioaren beka bat lortu zuten, eta horri esker Milanera, Italiara, joan zen ikastera. Hiri horretan arrakasta ikaragarria izan zuen hiru hilabete eskasean. Une horretatik aurrera, Gayarreren ibilbidea geldiezina izan zen. Arrakasta izan zuen Bolonian, Erroman, San Petersburgoko Operaren Antzokian (bertan abestu zuen lehenbiziko aldiz bere opera gogokoena, “La favorite”), Moskun, Vienan… Behin betiko sona 1876ko urtarrilaren 2an iritsi zen, Milango Scalan, eta beste modu batera izan ezin zitekeenez, “La favorite” operarekin, mundu osoko lehen tenor gisa jarri zuen lanarekin.
Londres, Buenos Aires, Austria, Alemania, Madrilgo Errege Antzokia, Sevilla, Bartzelonako Liceu, Napoli, Parisko Opera… Makina bat arrakasta, senza rivali, le Roi du chant izengoitia ekarri ziotenak. 1889ko abenduan, Madrilen, gaixo bazegoen ere, “Los pescadores de perlas” abestea onartu zuen. Oholtzara atera zen, eta, nota altu bati ekitean, ahotsa eten zitzaion eta zorabiatu egin zen. Osasun-egoera larritzen joan zen, eta 1890eko urtarrilaren 2ko goizaldean hil egin zen tenorra, lirikan betetzea ezinezkoa zen hutsa utzita.