Azaroa Boga-Boga antzerki taldeak Carlos Beren Llueven vacas testuaz egin duen ekoizpen berriaren estreinaldiarekin hasiko da, genero indarkeriaren gordintasuna jorratzen duena (osteguna 3, 20: 00tan). 2022ko Erriberriko Jaialdiko Egoitza Artistikorako aukeratutako proiektua da. Gainera, funtzioa Adriana Salvok eta Iñigo Aranbarrik emango duten Ante la desigualdad, ¡actuemos! tailerrarekin osatuko da. Tailer horrek emakumeen aurkako indarkeria-modu sotilenak antzerkiaren bidez ezagutzen eta ezagutarazten zein haiei buruz hausnartzen lagundu nahi du (astelehena 7).
Ondoren, igandean, hilak 13 (19:00), Fikziozko Film Labur Onenaren Goya Sarietarako izendapena lortu zuen Natalia Mateoren 2012ko film laburrean oinarritutako Ojos que no ven komedia beltza eszenaratuko da Antzokiko eszenatokian. Carles Alfaro zuzendari valentziarrak antzerkirako egin du istorio koral dibertigarri honen egokitzapena zeinek Mamen García edo Mariola Fuentes aktoresak dituen bere antzezleen artean. Gezurrez et hipokresiaz josia dagoen Gabon-gaueko afari familiar batean girotuta dago.
Osteguna 17 (20:00), Ttanka Teatroak Sexberdinak, aurkeztuko du, Aitziber Garmendia eta Telmo Irureta protagonista dituena. Lehenengoak, Loosers arrakastatsuaren bira amaitu berri du, eta bigarrena, La consagración de la primavera filmearen protagonista da, aurten Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorrarengatik lehiatuko dena. Sexberdinak antzezlanak mugikortasun murriztua duten pertsonen zailtasunak beren bizitzako alderdi guztietan helaraztea du helburu.
Familie Flöz keinuzko antzerki konpainia alemaniarrak, Feste antzeztuko du igandeak 20ean (19:00). Obra begirada poetiko, tragikomiko eta hitzik gabea da, aurrerapenak dakarren eromen amorratuari buruzkoa. Hiru aktorek pertsonaia guztiei bizia emango diete konpainia honek erabiltzen dituen maskara bereizgarrien bidez.
Hurrengo emanaldia Casa izango da, verbatim antzezlan dokumentala The Cross Border Project taldearen antzerkigile, zuzendari eta sortzailea den Lucía Mirandaren eskutik (osteguna 24, 20:00). Gaur egungo etxebizitzari buruzko hausnarketa da. Bost aktorek hogei bat pertsonaia erreal antzezten dituzte eta etxegabetzeen, hipoteken eta gentrifikazioaren inguruko testigantzak hitzez hitz erreproduzitzen dituzte, besteak beste. Gainera, funtzioa osatzeko, Creación a partir de la realidad tailerra egingo da, Lucía Mirandak berak emana (asteazkena 23 eta ostirala 25). Gayarre Antzokiaren eta 2022ko Teatrodix Jaialdiaren arteko kolaborazioa da.
Larunbatean, hilak 26 (20:00), Ballets Jazz Montréalen txanda izango da, euren Europako birako estatu mailako geldialdi bakarra eskainiko du Gayarren. Quebeceko dantza garaikideko konpainiak Essence aurkeztuko du, bere 50. urteurrena ospatzeko sortutako proiektu berezia. Kartel hirukoitza du, bere hiru koreografo emakumek osatua: Ausia Jones estatubatuarrak eta Crystal Pite eta Astu Barton kanadarrek.
Denboraldiak Finlandiarekin jarraituko du, Kamikaze Producciones eta Teatro de La Abadíaren ekoizpen berriarekin (igandea 27, 19:00). Israel Elejalde eta Irene Escolar dira alabaren zaintzari buruz eztabaidatzen ari diren aita eta ama baten istorioaren protagonistak. Pascal Rambert antzerkigile frantziarrak espreski idatzi du haientzat.
Egun gutxi batzuk geroago, Altsasu iritsiko da (asteazkena 30, 20:00), María Goiricelaya bilbotarrak zuzendutako antzerki-proiektua. “Altsasu” auziko ahozko epaiketaren transkripzioetan oinarritzen da, eta Madrilgo Nuevo Teatro Fronterizoko «Zikatrizatu» proiektuaren barruan sortu da, iragan hurbilenari buruzko ezagutza eta hausnarketa sustatzeko helburua duena. Emanaldi hau gaztelaniaz izango da.
Sarrerak online edota txarteldegian eros daitezke asteartetik larunbatera 12:00-14:00 eta 17:30-20:30 bitarte eta igande eta jaiegunetan emanaldia baino ordu bete lehenagotik.